XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak.

Foru Legeak

10/1996 FORU LEGEA, uztailaren 2koa, Fundazioen eta babes ihardueren tributu araubidea erregulatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIORDEA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FUNDAZIOEN ETA BABES IHARDUEREN TRIBUTU ARAUBIDEA ERREGULATZEN DUEN FORU LEGEA

Foru Legeak bi Titulu izanen ditu; lehena, fundazioen tributu araubidearena eta bigarrena, fundazioei egindako dohaintzen eta interes orokorreko ihardueretan lankidetzan egindako bestelako iharduketen tributu araubidearena.

Fundazioa antolamenduak ezagutzen duen pertsona juridiko pribatua da; subjektu eskubidedun batek, fundatzaileak, ondasun batzuk etorkizunerako eskuragarri jartzen ditu, interes orokorreko helburu baterako etengabeko zerbitzuan.

Esan daiteke fundazioak helburu baten pertsonifikazioa direla.

Ez dute elkartekide edo kiderik eta behin eratu ondoren, pertsona horien modura duten izatea eta konfigurazioa ez dago beste pertsona fisiko edo juridiko baten borondatearen menpe, fundatzaileak esleitu zien helburuaren iraupenaren menpe baizik.

Gaur egun maiz sortzen dira horrelako entitateak Administrazioak garatzerik ez dituen interes publiko edo orokorreko eginkizunak edo iharduerak gauzatzeko asmotan.

Beraz, legezkoa eta arrazoizkoa da pentsatzea entitate horiek Administrazioarekin lankidetzan ari direla, usadioz egiten dituzten ihardueretan edo eginkizunetan eta, hori dela medio, zerga aldetik aldeko tratamendua behar dutela, alde batera utzita ahalmen ekonomikorik duten edo ez, helburu orokorrei edo onura publikokoei afektatuak izate horrek baitie galarazten beren gaitasun ekonomikoak zerga-ahalmenaren berezko ezaugarriak hartzea.

Foru Lege honetako I. Tituluan araututako tributu araubideak, I. Kapituluan ezartzen den bezala, bere egiten ditu fundazioak, batetik, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumaren 44. Legearen edo Foru Berriaren babesean eratutakoak eta, bestetik, Fundazioei eta Interes Orokorreko Ihardueretan Partehartze Pribatuari eman beharreko Pizgarri Fiskalei buruzko azaroaren 24ko 30/1994 Legearen arabera edo gai horretan eskumenak dituzten Autonomi Komunitateen berezko arauteriaren arabera eratutakoak.

Foru Legeak galdatzen du fundazioek irabazi asmorik gabekoak izan behar dutela eta beren ondarea II. Kapituluan zerrendatzen diren interes orokorreko iharduerei etengabe afektaturik eduki beharko dutela.

Halaber, ezartzen da onuradunak nahitaez pertsona kolektibo orokorretako edo zehazgabeetako partaideak izanen direla.

I. Tituluko III. Kapituluak ezartzen ditu entitatearen eraketarako betebehar formalak, horien estatutuen edukia eta fundazioaren zuzkidura, kenduezina eta atzeraezina izanen dena; esanguratsua da fundazioak duen zuzkidura nahikoa izanen dela dituen helburuak betetzeko.

Bertzalde, IV. Kapituluak fundazioek behin eraturik dituzten beharkizunak arautzen ditu, hau da, iharduteko beharkizunak eta horien artean fundazioaren onuradunak zehaztean printzipio batzuk errespetatu behar direla, hain zuzen ere, zabalkuntzarena, diskriminaziorik ez egitearena eta inpartzialtasunarena.

Halaber, errenten %70, guttienik, fundazioaren helburuak gauzatzeko erabili beharko da.

Azkenik, kontularitzari, auditoretzari eta aurrekontuei dagozkien alderdiak zehatz-mehatz arautu dira.

V. Kapituluak entitateko patronatukideen karguak doakoak izanen direla dio, baita bateraezinak ere ordaindutako zerbitzuen edozein prestaziorekin.

VI. Kapituluak zehazten du nola eskuratzen edo galtzen den tributu-araubide berezia eta ezartzen du administrazio espediente bat izapidatu beharko dela eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuak ebatzi beharko duela, zehazki edo tazituki.

Departamentu horren esku geldituko da hasierako zein ondorengo betebeharrak, araubide berezia aplikatzea justifikatuko dutenak, frogatzeko ahalmena.

VII. Kapituluak fundazioei aplikagarri zaien tributu araubidearen erregulazio zehatza ezartzen du.

Lehenik eta behin, Sozietateen gaineko Zergari dagokion gaia aipatzen da 1. Sekzioan; bertan zerrendatzen dira errenta salbuetsiak, zerga oinarriaren zehaztapena, kengarriak ez diren kontusailak, berrinbertsioagatiko salbuespena, likidazio oinarria, karga-tasa, kuota osoa eta kenkariak.

2. Sekzioan Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan aplikagarri diren onurak ezartzen dira eta, orobat, zehazten fundazioak egindako eskurapenak salbuetsita egonen direla, beti ere ondasunak edo eskubideak fundazioaren berariazko helburua osatzen duten iharduerei etengabe afektaturik gertatzen badira.

3. Sekzioak Lurralde Kontribuzioaren eta Iharduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren salbuespena, kasu zehatzetan, arautzen du.

Bertzalde, Foru Lege honen II. Tituluak kontuan hartzen du fundazioei egiten zaizkien dohaintzei aplikagarri zaien tributu-araubidea, baita interes orokorra duten ihardueretan lankidetzan aritutako iharduketei dagokiena ere.

Titulu honetako I. Kapituluan arautzen diren fundazioen mesedetan egindako dohaintzek bide ematen diote dohaintza emaileari, pertsona fisikoari, Errentaren gaineko Zergaren kuotan dohaintzaren %20 kentzeko;

dohaintza emailea pertsona juridikoa bada, dohaintzaren zenbatekoa kengarria den kontusailtzat hartuko da Sozietateen gaineko Zergan.